Ingurune digitalak berdintasunaren bidean aurrera egiteko dituen aukerak aztertu ditu Emakundek EHU-ko udako ikastaroan
egilea: Emakunde,
- Miren Elgarrestak gaur eman dio hasiera belaunaldi gazteenetan arreta jartzen duen ikastaroari.
- Bi egunetan zehar, harreman afektibo-sexualei eta pornografiak eragiten duen eraginari buruz ere hausnartuko da.
Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak "Gazteen kultura digitalaren azterketa, sozializazioan eta hezkuntza afektibo eta sexualean ondorioak ikuspegi feministatik" ikastaroa inauguratu du gaur goizean, UPV/EHUren Donostiako Miramar Jauregian.
Ikastaroa gaur eta bihar egingo da, eta helburua da gazteen hezkuntza afektibo-sexualaren egungo errealitatea ezagutzea eta pornografiaren kontsumoari eta sexu-indarkeriaren naturalizazioari buruz hausnartzea, batez ere ingurune birtualean. Emakundeko zuzendariak nabarmendu duenez, "teknologiaren bidez, munduaren ikuspegi zehatz bat eraikitzen eta zabaltzen da gazteen artean", eta sexu-hezkuntzan duen eragina azpimarratzen du. Hori dela eta, Elgarrestak ingurune digitala "aukera-ikuspuntutik" ikusteko beharra planteatu du, "berdintasunaren aurkako diskurtso batzuk iraultzeko".
Emakundek hamarkada bat baino gehiago darama udako ikastaroak egiten, eta oraingo honetan bertako belaunaldi digitalei begiratzen die, berdintasunerako bidean eremu digitalean irekitzen diren aukerak nola aprobetxatu ulertzeko.
Udako ikastaroaren aurkezpenean, Elgarrestak gogora ekarri du joan den azaroaren 25eko kanpaina, sexu-hezkuntza pornografiaren esku uzteko arriskuaz kontzientziatzeko. Hain zuzen ere, teknologiaren aurrerapenak pornografia modu masiboan zabaltzea ahalbidetu du, "eta ezin dugu onartu emakumeen aurkako indarkeriaren eskola bihurtzea".
Miren Elgarrestarentzat, gainera, ikastaro hau aukera bat da informazio-teknologietan emakumeen ahalduntzea erraztuko duten estrategiak eta ekimenak identifikatzeko eta, horrela, dagoen eten digitala murrizteko. "Generoarekiko sentikorra den teknologia digitala aukera paregabea da emakumeen ahalduntze globalerako, aro digitalean desberdintasun-mota guztiak ezabatzeko eta berrikuntza-ekosistemak eraldatzeko", azpimarratu du Emakundeko zuzendariak.
Gaurko jardunaldian, Isa Duque psikologoak Z. belaunaldia deritzonaren errealitate sozialera hurbilketa bat egin du. Bestalde, Soziologian doktore den Elisa Garcia-Mingok feminismoaren aurkako "manosferari", online komunitateari, buruzko bere azterketa azaldu du, misoginia digitalak gizon gazteek sexu-indarkeriari buruz duten pertzepzioan nola eragin dezakeen hausnartzeko. Isa Duque eta Laura Almenara dibulgatzaileek dinamizatutako mahai-inguru batek itxi du ikastaroaren lehen zatia, bideojokoak elementu sozializatzaile gisa hartuta.
Bihar egingo den bigarren jardunaldian, Monica Alario, Diziplinarteko Ikerketetan eta Generoan doktorea, pornografiaren kontsumoaz eta sexu-indarkeriaren naturalizazioaz arituko da.
Miguel Angel Arconada katedradunak eta Joseba Gabilondo Hiruki Larroxa Kooperatibako kideak mahai-inguru bat egingo dute gizonek eta haurrek esparru digitalean zer pentsatzen duten eta nola jokatzen duten eztabaidatzeko.
Azken hitzaldia Aradia ikerketa sozialeko kooperatibako Delicia Aguadok emango du, ikus-entzunezko fikzioan bortxaketaren kulturari buruz.