Emakunde, aliantza historia bat. Izaskun Landaidaren iritzi artikulua
Emakunde, aliantza historia bat. Izaskun Landaidaren iritzi artikulua
egilea: admin,
Izaskun Landaida Laringoitia, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaria.
Hogeita bost urte hauetan, Emakundek lan handia egin du, bidea luzea izango zela jakinda ere; hala ere, lan garrantzitsu hori ez da beti erraz ikusi izan, lanaren konplexutasuna dela eta. Baina, zalantzarik gabe, funtsezkoa izan da gure gizartean balioak aldatu daitezen sustatzeko, eta emakumeen eta gizonen berdintasunaren aldeko egiturak eta tresnak sortzeko.
Emakundek, sortu zenez geroztik, berdintasunaren alde lan egiteko premia erakutsi digu, erakutsi digu zer onura izango ditugun gure mundua beste era batera antolatuz gero, mundua berdintasunean, errespetuan eta aniztasunean oinarrituta antolatuz gero, hain zuzen ere. Lan handia egin du gizartea sentsibilizatzen, eta, horri esker, orain hobeto dakigu gizarte honetan, guztia, dena-dena, kultura jakin batean blaituta eta mela-mela eginda egon dela, non emakumeen zeresana bigarren maila batean utzi den, non emakumeak periferian eta itzalean geratu diren. Begiradak eraldatzeko urratsak eman dira. Hala ere, pentsaerak aldatzea funtsezko erronka da oraindik ere, eta horretan jarraitzen du Erakundeak, ondo baitaki funtsezko osagaia dela gizarte berdinzale baten zimenduak eraikitzeko.
Emakundek sortu dituen egiturak eta tresnak gure gizarte-eredua aldatzeko behar den makineriaren zati dira, eta zer garen eta zer egiten dugun aztertzeko misio zail honetan, gaitasun handia izan du berdintasunaren aldeko aliantzak, sareak, sinergiak eta konplizitatea sortzeko erakundeekin, elkarteekin, enpresekin eta pertsonekin. Emakundek eskua luzatuta lan egin du hastapenetatik, beste erakunde eta pertsona batzuk ere bidaide egiteko. Berdintasuna lortuko badugu, beharrezkoa da gizarte osoaren ekarpena. Ideia hori beti izan du gogoan Emakundek, eta, aldi honetan zehar, aliantza ugari sendotzea erdietsi du. Aliantza horiek, 25 urte geroago, beste aliantza batzuk sortzeko iturri eta eredu izan behar dira.
Hogeita bost urte hauetan, berdintasunaren aldeko borrokaren ondorioz eta erakunde, entitate eta gizarte-mugimenduen arteko elkarlana medio, beste ikuspegi batzuk sortu dira, eta horiek ahalbidetu dute berdintasuna agenda politikoetan sartzea, testuetan, eskoletan, legeetan, hizkeran, osasun-arloan, estatistiketan.
Oraindik ere asko dugu eraldatzeko, baina lortu dugun guztian bermatu behar gara, ziur izan dezagun berdintasunerako bidea ez dela ameskeria, zaitasunak zailtasun. Lortu dugun guztian bermatu behar gara, eta gure lehenagokoek egindako ahaleginetan. Sinets dezagun horretan, berdintasunaren aldeko borroka luze honetan gure aurretik ibili zirenek egin zuten bezalaxe. Sinets dezagun horretan, Emakunde sortu baino lehen gizarte-mugimenduek, emakume-taldeek eta mugimendu feministak luzaroan sinetsi duten bezala, historian zehar funtsezko eskubide batzuk lortzeko horrenbeste sakrifikatu zuten emakumeek sinetsi zuten moduan. Izan ere, horiek erein zuten hazia, gerora erakundeen barruan berdintasun-politikak sortu ahal izateko.
Emakundek asko eman du, baina badu nori eskertu ere. Eskerrak eman behar dizkie Emakunde sortzen lagundu zutenei, Emakunderen historiaren parte izan diren guztiei, eta gaur egun erakundeetan, entitateetan eta gizarte-mugimenduetan berdintasunaren alde lanean jarraitzen duten guztiei. Historia asko batzen dira Emakunderen historian. Batez ere, aliantza askoren batura izan da. Gaur egun beharrezko ditugu aliantza horiek, inoiz baino gehiago. Bidaide gehiago behar ditugu: luzatuta dugu eskua.
