Indarkeria matxista gizarte osoaren inplikazioarekin geldiarazteko "herri kanpaina" aurkeztu dute euskal erakundeek
egilea: Emakunde,
- "Indarkeria matxista ukatzea haren alde egitea da. Batu gaitezen geldiarazteko" da Emakundek, hiru aldundiek eta EUDELek azaroaren 25erako bultzatutako kanpainaren leloa.
- Aurkezpenean, Lehendakariak gazte-talde batekin hitz egin du emakumeen aurkako indarkeria ukatzen duten espazio digitalen inguruan.
Azaroaren 25, Emakumeen kontrako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguneko kanpaina, erakunde arteko kanpaina bakarra izango da berriro Euskadin, eta aurten "herri-kanpaina" izaera indartu egin da Imanol Pradales Lehendakariak berak parte hartu duelako kanpainaren aurkezpenean, Lehendakaritzan gazteekin egindako topaketa baten bidez.
Emakundek, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek eta EUDELek kanpaina bateratu honen bidez herritarrei dei egiten diete indarkeria matxista denon artean geldiarazteko, gero eta ugariagoak diren indarkeria hau ukatzen duten mezuen aurrean. “"Indarkeria matxista ukatzea haren alde egitea da. Batu gaitezen geldiarazteko" da kanpainaren leloa, eta honen bidez herritarrei eskatzen zaie indarkeria matxista hutsaltzen duten diskurtsoei aurre egiteko.
Kanpainaren iragarkiak sareetan aurki daitezkeen indarkeria ukatzen duten esaldi batzuk erakusten ditu, hala nola: "Emakumeen aurkako indarkeria asmakizun bat da", "Indarkeriak ez du generorik" edo "Beste herrialde batzuetan matxismoa dago, ez hemen", eta horiei datu batekin erantzuten zaie: 2023an 6.513 salaketa erregistratu ziren EAEn emakumeen aurkako indarkeriagatik.
Iragarkia ikusi ondoren, Lehendakariak elkarrizketa bat izan du gazte-talde batekin, eta haiekin batera gogoeta egin du emakumeen aurkako indarkeriari buruz, eta, bereziki, indarkeria matxista ukatzen duten eta berdintasunaren aurkako mezuei buruz, neskek eta mutilek egunero ingurune digitalean jasotzen baitituzte hauek. Lehendakariak bertaratutako neska-mutilei adierazi dienez, "indarkeria matxistarik gabeko gizarte bat eraikitzea lehentasuna da Eusko Jaurlaritzarentzat", eta "erne egon behar da ultraeskuinak Europan eta munduan aurrera egin duelako eta indarkeria matxista ukatzen duten diskurtsoak eta berdintasunaren aurkako erreakzioa sortzen ari direlako".
Errealitate horren aurrean, Lehendakariak azpimarratu du konfiantza duela "emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde beti agertu den" euskal gazteriarengan, eta gazteriarekin elkarrizketarako guneak irekitzeko beharra defendatu du. Adierazi duenez, gaur egin den hausnarketa bateratua Jaurlaritzak herritarrei eta, bereziki, gazteei entzuteko duen borondatearen adibide da. "Asko hitz egiten dugu gazteei buruz, baina ez diegu beti entzuten".
Gazteekin egindako dinamikan, Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak eta Elisa García Mingo Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko irakasle eta ingurune digitaleko indarkerian adituak parte hartu dute. Azken horrek arazoa testuinguruan kokatu du, eta gazteei galderak egin dizkie interneten sortu diren erreakzioei buruz. Besteak beste, interneten ugaritu diren hitz batzuen inguruan hitz egin dute: Zer da Incel bat? Nortzuk dira tridewives izena hartzen dutenak? Eta gymbros eta criptobros izenekoak?
Miren Elgarrestak, bere aldetik, gazteek berdintasunaren aldeko eraldaketa sozialean duten protagonismoa azpimarratu du. Emakundeko zuzendaria honela zuzendu zaie gazteei: "Badakigu gazte gehienek emakumeen eta gizonen berdintasunean sinesten duzuela eta indarkeria matxistarik gabeko bizitzaren alde zaudetela, eta horregatik, hain zuzen ere, uste dugu garrantzitsua dela mezu horiek nondik datozen jakitea eta baliabideak izatea zuengan eta gugan eraginik izan ez dezaten".
Esther Apraiz EUDELeko elkarteburuak nabarmendu du udalek “udalerrietan euste-horma kolektibo bat aktibatzeko” konpromisoa hartu dutela, “emakumeen aurkako indarkeria ukatzen edo banalizatzen duen edozein erreakzio matxistaren aurrean”. EUDELen A25eko Adierazpenak tokiko eragile guztiekin lan egitea proposatzen duela esan du, mezu horiek neutralizatuko dituen eta tokiko bizitzan harrera ona izango duen iritzi-giroa sortzeko. Bereziki gazteei dei egiten zaie, batez ere mutilei, kritikoak izan daitezen eta mezu misogino eta berdintasunaren aurkako horien aurka ager daitezen eta "puntu lila" ikusarazteko deia egin du.
Joana del Hoyo Arabako Aldundiko Berdintasunerako eta Giza Eskubideetarako zuzendariak esan duenez, "indarkeria matxista ukatzea, zuzenean edo zeharka, haren existentzia babestea da, eta horregatik behar dugu pertsona bakoitza, generoa edo adina kontuan hartu gabe, irtenbidearen parte aktibo bihurtzea". "Iruzkin sexista baten aurrean isiltzen, biktima baten esperientzia minimizatzen edo berdintasun politiken beharra zalantzan jartzen dugun bakoitzean, indarkeria matxistak jarraitzea ahalbidetzen ari gara", esan du.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasuneko zuzendari Nerea Isasik adierazi duenez, "emakumeen aurkako indarkeriak forma berriak hartzen ditu eremu digitalean, haren eraginaren irismena modu kalkulaezinean zabalduz, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak errealitate horri heltzeko eta indarkeria matxistari dimentsio guztietan aurre egiteko eta diskurtso ukatzaileak indargabetzeko estrategia espezifikoak garatzeko erabakia hartu du".
Bestalde, Bizkaiko Berdintasun zuzendari Trinidad Vicentek ziurtatu du foru erakundeak bat egiten duela kanpainarekin " gazteekin beharrezkoa den aliantza eginez, berdintasun eza eta indarkeria matxista ukatu beharrean, berdintasunezko eta emakumeenganako indarkeriarik gabeko gizarte bat eskatzeko kalera ateratzen den gazteriarekin”.
Kanpaina gaurtik azaroaren 25era bitartean egingo da telebistan, irratian, prentsa idatzian, sare sozialetan eta beste publizitate-euskarri batzuetan.