AldizkariaEmakunde

Euskadiko gazteen artean indarkeria matxista prebenitzeko Beldur Barik lehiaketan 1.200 gaztek parte hartu dute 250 ikus-entzunezko lanekin

egilea: Emakunde, 

  • Estereotipoak, edertasun irudia eta gorputzak, talde presioa eta presio soziala eta indarkeria kalean izan dira 12 eta 20 urte bitarteko gazteek jorratutako gaiak.
  • Sariak azaroaren 29an banatuko dira Artziniegan egingo den Topaketan.

Beldur Barik 2024 programaren aurkezpena egin da gaur goizean Artziniegako museoan, herri honetan egingo baita Beldur Bariken urteroko topaketa datorren azaroaren 29an. Gazteen artean indarkeria matxista eta sexista prebenitzeko ekimen hau Emakundek sustatzen du eta hiru foru-aldundien eta EUDELen babesa du.

Ekitaldian parte hartu dute Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak, Nerea Isasi Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun zuzendariak, Trinidad L. Vicente Torrado, Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasun zuzendariak, Joana del Hoyo, Arabako Berdintasun eta Giza Eskubideen zuzendariak, Joseba Vivanco, Artziniegako alkateak, Miren Lopez Artziniegako berdintasun zinegotziak, Iñigo Pinedo Aiarako Kuadrillako presidenteak, Irantzu Apodaka. Aiarako berdintasun zinegotziak, Jon Escuza Okondoko alkateak, Estibaliz Sasiain Amurrioko alkateordeak eta Nagore Gomara Laudioko alkateordeak.

Ikus-entzunezko lehiaketak, programaren ekintza nagusia denak, 12 eta 20 urte bitarteko gazteek egindako adierazpen artistikoak saritzen ditu, berdintasun ezari Beldur Barik jarrerarekin nola aurre egiten dieten erakusten dutenak, hau da, errespetua, parekidetasuna, askatasuna eta autonomia, elkartasuna eta indarkeria sexistaren gaitzespen irmoa adierazten duten jarrerekin.

Miren Elgarrestak parte-hartzeari buruzko datuak eman ditu. Zehazki, 256 lan inguru aurkeztu dira, eta horietatik 190 onartu dira lehiaketara, gehienak taldean aurkeztuak. Guztira 1224 gaztek parte hartu dute, %58 neskak, %37 mutilak eta %5 beste identitate batzuk bezala identifikatzen direnak. "Garrantzitsua da lanak taldean egitea, sorkuntza-prozesua gazteen artean emakumeen aurkako indarkeriari buruz elkarrekin hausnartzeko eta eztabaidatzeko prozesu bihurtzen baita", nabarmendu du. Lan gehien aurkeztu diren adin-tartea 15-17 urte bitartean izan dira, eta lehiaketarako proposamen gehien egin dituen lurraldea Bizkaia izan da.

Lanen gai nagusiak estereotipoak ( % 27), edertasun-kanonak eta gorputzak (%13), talde-presioa eta gizarte-presioa ( % 12) eta kaleko indarkeria ( % 10) izan dira. Bestalde, proposatu diren Beldur Barik jarrerak honako hauek izan dira: sororitatea ( % 23), erantzun kolektiboa ( % 22), ahalduntze indibiduala ( % 21) eta eguneroko BB erantzunak eta estrategiak ( % 18).

Emakundeko zuzendariak gogorarazi du euskal erakundeek konpromisoa dutela gazteekin sentsibilizazio-lana lehenesteko indarkeria matxistaren aurkako borrokan. "Beharrezkoa da eduki horiek azpimarratzen jarraitzea eta indarkeria matxista eta desberdintasuna detektatzeko tresnak eskaintzea. Eta hori da Beldur Barik programaren helburu nagusietako bat ".

Miren Elgarrestak gizarte osoari eskatu dio ahalegin bat egin dezala gazteengana iristen diren mezu ukatzaileak neutralizatzeko eta lanean jarraitzeko mutilek "estereotipo eta rol sexistetatik askatuko den gizon izateko beste modu bat ikas dezaten eta neskak ahalduntzen laguntzeko".

Artziniegako Udalaren eta EUDELen izenean, Miren Lopez Berdintasuneko zinegotziak, aurtengo Beldur Barik Topaketa egiteko, Aiaraldea udalerria eta eskualdea hautatu izanaren garrantzia azpimarratu du. Izan ere, tokiko konpromisoaren eta udalen artean egindako ahaleginen baturaren sinboloa da, berdintasunaren alde eta emakumeenganako indarkeriaren aurka.

Zinegotziak eskolekin batera izandako funtsezko elkarlana nabarmendu du, neska eta mutil gazteekin egindako hezkidetza-proiektuetan, eta horiek tokiko errealitateen aniztasunera nola egokitu daitezkeen. "Gure eskualdean, gainerako kasuetan bezala, Beldur Barik gure neurrira egokitu daitekeela erakusten ari gara, herri txikiok ere berdintasun politika publikoak garatzeko ardura dugulako. Horretarako, ezinbestekoa dugu berdintasun zerbitzu bat izatea eta, era berean, gure artean koordinatzea eta proiektu asko elkarrekin antolatzea".

Joana del Hoyo Arabako Foru Aldundiko Berdintasunerako eta Giza Eskubideetarako zuzendariak euskal gazteen artean "Beldur Barik jarrera" sustatzen jarraitzearen garrantzia azpimarratu du. Gazteria hori "kontzientziatuta dago indarkeria matxistaren zantzurik gabeko gizarte bat eraikitzeko beharraz, eta, besteak beste, talentuak eta ahotsak nabarmentzen dira, erantzukizun partekatua sustatzen dutenak eta ekintza kolektiboa bultzatzen dutenak".

Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasunerako zuzendari Nerea Isasik berretsi du gazteen artean indarkeria matxista prebenitzeko ezinbestekoa dela hezkuntza eraldatzailea eta berdintasunean oinarritutako balioak sustatzea. "Askotan, kontrola edo jelosia maitasunaren adierazpen gisa ulertzen dira, eta hori guztiz gainditu behar dugu. Gazteek errespetuan eta autonomian oinarritutako harreman osasuntsuak eraikitzeko tresnak eta ereduak behar dituzte, eta horretarako, guztion inplikazioa beharrezkoa da”.

Bizkaiko Berdintasunerako foru zuzendariak adierazi duenez, bestalde, "gazteek esaten digutenetik ikasten dugu, eta elkarrekin lan egiten jarraitzen dugu berdintasunaren alde eta indarkeria matxistaren aurka".

Topaketa

Datorren ostiralean, azaroaren 29an, Beldur Barik Topaketa ospatuko da Artziniegako herriko frontoian. Aurkezleak Leo Bueriberi eta MEL izango dira. Topaketari arratsaldeko 17:00etan emango zaio hasiera eta ongi etorrian Oliba&Antxoa MJ egongo dira ekitaldia musikaz girotzen. 17:30etan batukada feministarekin kalez kale abiatu eta tailerretarako bideari ekingo zaio erritmoz beterik, helmuga kultur etxea izango delarik. Bertan 18:00 etan tailerrak hasiko dira, aurten Autoezagutza tailerra Libe Osaren eskutik, “Dantza kolektiboaren plazerra” dantza tailerra Lexlie Ortegaren eskutik, “Ikusi gure mezua” marrazketa tailerra Malen Pazosen eskutike eta “auto(re)TRATU” autorretratu tailerra Ibari Arrietaren eskutik izango ditugu. Ondoren, 19:00etan herriko frontoian batu eta sari banaketari ekingo zaio, eta gonbidatu bezala Aimarz bertan izango da bere abesti batzuk joz.