2024ko Emakunde Sariak emakumeen diskriminazio mota anitzak agerian jartzen dituzten bi elkarteren lana aitortu du
egilea: Emakunde,
- AMUGE, emakume ijitoak sustatzeko eta ahalduntzeko elkarte aitzindariak; eta IMME, emakume musulmanak integratzeko elkarteak, saria partekatu dute.
- Epaimahaiak bi hautagaitzen izaera kolektiboa eta begirada intersekzionalaren balioa baloratzen ditu, Berdintasunerako Legearekin eta Berdintasunerako 2030 Estrategiarekin bat eginez.
2024ko Berdintasunerako Emakunde Saria bi hautagaik jasoko dute: AMUGE, Euskadiko Emakume Ijitoak Sustatzeko eta Ahalduntzeko Kulturarteko Elkarteak; eta IMME, Emakume Musulmanak Euskal Gizartean Integratzeko Elkarteak. Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak gaur iragarri du hautaketa, bi kolektiboetako ordezkariak bertan zirela: Tamara Claverría, AMUGEko kidea; eta Djamila Zereib, INMEko kidea.
Epaimahaiak bi hautagaitzen izaera kolektiboa eta emakume ijitoek eta emakume musulmanek bizi dituzten diskriminazio mota anitzak ikusarazteko eta hauek artatzeko egindako lana baloratu ditu. Miren Elgarrestak aitortu duenez, bi elkarteek "erakunde publikoek izan behar duten ikuspegi intersekzionalari erantzuten diote". Izan ere, epaimahaiak balioetsi du bi proposamenak ondo lerrokatzen direla bai Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legearekin, bai EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 2030 Estrategiarekin. biek ikuspegi intersekzionala jasotzen baitute euren printzipioetan.
Sari honekin ikuspegi intersekzionalaren garrantzia nabarmentzen da, beharrezkoa baita emakumeek bizi dituzten diskriminazio anitzak ikusarazteko. "AMUGEk eta IMMEk argi erakusten digute emakumeak ez garela sartzen kategoria homogeneo batean. Eta bere lanarekin emakume ijito eta musulmanek jasaten dituzten diskriminazio mota desberdinak agerian jartzen laguntzen digute", nabarmendu du Emakundeko zuzendariak.
Miren Elgarrestak gogorarazi duenez, aitorpen honekin berdintasun-politika publikoen erdigunean jartzen dira "askotan bazterretan egon diren emakumeen kolektiboak, eta honako elkarteei esker, arlo publikoan pixkanaka presentzia gehiago dute”.
AMUGE
Euskadiko Emakume Ijitoak Sustatzeko eta Ahalduntzeko Kulturarteko Elkartea kolektibo aitzindaria da ikuspegi feminista eta independente bateranzko aldaketa- eta bilakaera-prozesu bat gauzatzen, gizonen tutoretzatik aldenduz. Ildo horretan, hautagaitzak berak azpimarratzen du Euskadin emakume ijitoen eskubideak defendatzeko eta sustatzeko lana, "ijitoen feminismo dialogikoaren" ikuspegitik, non bat egiten duten antigitanismoaren eta indarkeria matxistaren aurkako borrokak.
Epaimahaiak, bereziki, ahalduntzeko, osasunerako eta generoari buruzko prestakuntzarako programen bidez eta diskriminazioaren eta indarkeria matxistaren aurkako borrokan izandako eragin esanguratsua azpimarratu du. "Tu voz cuenta" ahalduntze-eskolak, gizon ijitoentzako maskulinitate berrien proiektua, emakume ijitoen historiari buruzko ikerketak edo "Nos persiguen" bezalako argitalpenen bidez espazio publikoetan jasaten duten kriminalizazioa ikusaraztea dira haien ekimenetako batzuk.
IMME
Emakume Musulmanak Euskal Gizartean Integratzeko Elkartearen lana emakumeen ahalduntze ekonomikoan du eragina, lan-trebetasunetan gaitzen baititu. Hezkuntza-programek haien prestakuntzarako eta alfabetatzeko aukera areagotu dute, eta emakume askoren eta haien familien etorkizunerako aukerak hobetu dituzte.
Elkarteak emakume musulmanei ahotsa emateko lan egin du, haien eskubideak defendituz eta beren komunitateetan erabakiak hartzeko garaian haien parte-hartzea sustatuz. Genero-indarkeriari buruzko sentsibilizazioan oinarritutako proiektuak nabarmentzen dira, emakumeei baliabideak eta laguntza emanez, eta erabakiak hartzeko prozesuetan emakume musulmanen ahotsak aintzat hartuko dituzten politiken formulazioan eraginez.
Azkenik, epaimahaiak balioa eman die gainerako hautagaitzei, beren aniztasunetik abiatuta, ekintza, lan edo proiektuen bidez emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde egiten baitute.