AldizkariaEmakunde

Sultana Yaya ekintzaile sahararra Artolazabal sailburuarekin bildu da Emakunderen egoitzan, Euskadira egin duen lehen bisitan

egilea: EMAKUNDE, 

• Izaskun Landaidak eta Zuriñe Elordik giza eskubideen aldeko ekintzaile sahararrarekin izandako topaketan parte hartu dute.

• Jadiyetu El Mohtar Euskadiko saharar ordezkari berriarekin batera egon da.

 

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariarekin eta Zuriñe Elordi idazkari nagusiarekin batera, Sultana Yaya giza eskubideen aldeko ekintzaile sahararrarekin eta Jadiyetu El Mohtar Saharako ordezkari berriarekin bildu da gaur eguerdian Emakunderen egoitzan.

Sultana Yaya egunotan Euskadira bisita instituzionala egiten ari da sahararrek Mendebaldeko Saharan bizi duten egoera larriaren berri emateko. Euskal Fondoaren (Euskal erakundeen elkartearen) baitan 2003an sortutako Sahara Koordinazio Unitateak antolatu du bisita. Unitate honek saharar herriaren egoerari buruzko elkartasun-, lankidetza- eta sentsibilizazio-ekintza bateratuak sustatzen ditu.

Beatriz Artolazabal sailburuak elkartasuna adierazi dio saharar herriari, “autodeterminazio eskubidea gauzatzeko zain” jarraitzen baitu, eta, aldi berean, emakumeek saharar herrian duten garrantzia eta pisua nabarmendu ditu. Adierazi duenez, “Mendebaldeko Saharako emakumeak zuzeneko protagonistak izan dira eta izaten jarraitzen dute beren herriaren askatasunaren aldeko borrokan”. Gaineratu duenez, “oso garrantzitsua da kontinente guztietako emakumeen arteko elkartasuna sustatzea, lankidetza-sareak funtsezkoak baitira munduko edozein lekutan emakume gisa ditugun eskubideak errespeta daitezen”.

Izaskun Landaidak, bere aldetik, gogorarazi du Emakundek urte askoan babestu duela saharar herriaren borrokan emakumeek duten zeregina, bai diasporan bai kanpamenduetan, zeinetara Institutuko zuzendaritza ezberdinek hainbat aldiz joan diren, eta nabarmendu du emakumeak direla "saharar herriaren erresistentziaren benetako motorra".