AldizkariaEmakunde

Sexu-esplotaziorako salerosketa arloko profesionalen prestakuntzari Euskadin ematen ari zaion bultzada nabarmendu du Artolazabalek

(Artxiboko irudia)

egilea: EMAKUNDE, 

• Bihar, irailak 23, Sexu Esplotazioaren eta Pertsonen Salerosketaren Aurkako Nazioarteko Egunaren ospatuko da.

• Eusko Jaurlaritzak, Emakunderen bidez, Sexu-esplotaziorako emakumeen eta neskatoen salerosketaren aurkako Mahaia koordinatzen du 2016. urtetik.

• Mahaiaren esparruan, duela urtebete adostu ziren biktimak detektatzeko eta identifikatzeko adierazle komunak eguneratu dira, etengabeko hobekuntzan aurrera egiteko.

 

Irailaren 23an ospatzen den Sexu Esplotazioaren eta Pertsonen Salerosketaren Aurkako Nazioarteko Egunaren bezperan, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak nabarmendu du azken urtean Euskadin, Emakunderen bidez, sexu-explotaziorako salerosketaren arloan profesionalen prestakuntzari eman zaion bultzada. Zehazki, aurten prestakuntza-saioak egin dira sexu-explotaziorako eta emakume eta nesken salerosketaren arloan Atzerritarren eta Genero Indarkeriaren txandako profesionalekin. Saio horietan 150 profesionalek baino gehiagok hartu dute parte, eta EAEko hiru lurraldeetan egin dira saioak apirilean eta maiatzean, lurralde bakoitzeko Abokatuen Elkargoen bitartez.

Prestakuntza hori diseinatzeko eta emateko erabakia  2016. urtetik martxan dagoen Sexu-esplotaziorako emakumeen eta nesken salerosketaren aurkako Mahaian adostu zuten mahaia osatzen duten erakundeek. Emakundek koordinatzen du Mahaia, eta honako erakunde eta gizarte eragiletako ordezkariek osatzen dute: Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte politiketako Saila, Segurtasun saila, Ertzaintza, Fiskaltza, Gobernuaren Ordezkaritza, hiru foru-aldundiak eta gizarte-eragileen aldetik, Caritas, CEAR Euskadi, Munduko Medikuak, Ihesaren aurkako Batzordea, Gurutze Gorria, Gizarterako, Askabide, Oblatas eta Accem.

Sailburuaren hitzetan, "oso argi daukagu indarkeriaren biktima izan diren emakumeak artatzeko orduan, bai eta indarkeriaren prebentzioan ere, profesionalen prestakuntza funtsezko gaia dela, eta sexu-esplotaziorako salerosketaren biktimak artatzen dituztenek genero-ikuspegitik eta giza eskubideen ikuspegitik egin behar dutela".

Adierazi duenez, profesionalei eskaintzen zaien prestakuntzak kontuan hartzen du "sexu-esplotazioa berdintasun ezan, botere-abusuan, emakumeen menderatzean eta esplotazioan oinarritzen dela, eta, gainera, beharrezkoa da biktima diren emakumeen errealitateak, kultura eta gizarte-baldintzatzaileak sakon ezagutzea, ikuspegi multikultural batetik". Artolazabalen iritziz, prestakuntza funtsezkoa da esku-hartze integral eta koordinatu baterako.

Bestalde, eskerrak eman ditu Sexu-esplotaziorako emakumeen eta nesken salerosketaren aurkako Mahaian egiten ari diren lanagatik. Azken urtean, mahai horrek era honetako indarkeriaren biktima diren emakumeak detektatzeko eta identifikatzeko adierazle komunak eguneratu ditu. Adierazle horiek 2020-2021 aldian bertan ordezkatutako erakundeek adostu dituzte aldez aurretik, etengabeko hobekuntzan aurrera egiteko. Helburua da adierazle komun horiek Euskadin sexu-esplotaziorako salerosketaren biktima izan daitezkeen emakumeak hobeto identifikatzen laguntzea, eta, horrela, haien errealitatea eta beharrak hobeto ezagutu ahal izatea. Carmen Meneses irakasleak Mahaiaren enkarguz egindako azken txostenean nabarmentzen denez, zaila da jakitea salerosketaren biktima diren emakumeen kopuru zehatza, hainbat arrazoirengatik, nahiz eta aipatutako ikerketaren arabera, prostituzio-testuinguruetan dauden pertsonen % 10 eta % 15 artekoa izango litzatekela kalkulatzen den.

Era berean, Mahaia lanean ari da egungo koordinazio-protokoloa eguneratzeko. Prozesu hori maiatzean hasi zen, eta urte honen amaieran amaituko da, eta, eguneratzeko, hainbat elementu hartzen ari dira kontuan, hala nola sexu-esplotaziorako salerosketaren arloko araudi berria, detekzio- eta deribazio-zirkuituen hobekuntza eta arretaren arloan sortzen ari diren beharrak, besteak beste.

Eusko Jaurlaritzak finantzatzen ditu Askabidek kudeatzen duen salerosketaren biktima diren emakumeentzako bizitegi-baliabidea eta arreta integralerako baliabidea, bai eta Oblatasen «Ireki leihoak» proiektua ere. Horrez gain, diru-laguntzen bidez laguntzen dira hirugarren sektoreko hainbat erakundek arlo horretan gauzatzen dituzten proiektuak.