AldizkariaEmakunde

Feminismoak klima-aldaketaren konponbidean egin dezakeen ekarpena aldarrikatu du Emakundek

Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak hasiera eman dio gaur goizean UPV/EHUren Udako Ikastaroen barruan Donostiako Miramar Jauregian Emakundek antolatu duen “Klima aldaketa eta feminismoa” ikastaroari. Gaur eta bihar ospatuko den ikastaroaren helburua feminismoaren, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren eta ekintza klimatikoaren arteko harremanari buruz hausnartzea da, “XXI. mendean gizateriak dituen erronkarik handienetako biri erantzuteko”, Landaidak adierazi duen bezala.

Landaidak adierazi duenez, larrialdi klimatikoari erantzuteko mundu-mailako zereginean, beharrezkoa da ikuspegi feminista eta genero-ikuspegia txertatzea, ingurumen-krisi honek are gehiago areagotzen baititu desberdintasunak eta diskriminazioak, generoarekiko inoiz neutroak ez direnak, emakumeek eta gizonek eragin desberdinak izaten baitituzte”. Bere ustez, “emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzea eta klima-aldaketaren aurkako borroka dira gizateriak XXI. mendean aurre egin behar dien erronkarik handienetako bi”, eta biei eman beharreko erantzuna “eskutik” etorri daiteke.

Landaidaren iritziz lehentasunezkoa da “emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatuko duen garapen iraunkorrerako konpromiso aktiboak sustatzea”,

2030eko agendako GJHetan jasotzen den bezala, eta gogorarazi du Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak Emakunderen bitartez bultzatzen duen Berdintasunerako eta indarkeriarik gabeko bizitzen aldeko Herri Itunak dituen hamar konpromisoetako bat trantsizio ekologikoarena dela.

Herri Itunean honako konpromiso hauek jasotzen dira arlo honetan: emakumeek eta beren erakundeek klima-aldaketari irtenbideak bilatzeko duten ezagutza txertatzea, energia-eredu jasangarri baterako politika publikoek pertsonak erdigunean jar ditzaten eta emakumeek jasaten dituzten desberdintasunak areagotu ez ditzaten bermatzea, eta ekonomia berdeak eta ingurumenarekin lotutako jarduerek sortzen dituzten aukerak aprobetxatzea emakumeen jarduera-tasa eta enplegu-tasa handitzeko.

Ikastaroaren lehen jardunaldian, genero-ikuspegia duten klima-aldaketako adituek parte hartu dute, hala nola Lorena Aguilar, Latinoamerika eta Karibeko Batzorde Ekonomikoko (CEPAL) Ingurumen eta Generoan aditua. Honek nabarmendu du beharrezkoa dela generoaren eta ingurumen-faktoreen arteko loturei buruzko ikerketak bultzatzea, sexua eta intersekzionalitatearekin eta kultura aniztasunarekin lotutako aldagaiak biltzea ingurunearekin lotutako administrazio-datuen iturrietan, eta klima-aldaketaren aurkako politikek, estrategiek, neurriek eta ekintzek emakumeen eta gizonen arteko desberdintasuna kontuan hartzea.

Honekin batera, honako hauek ere parte hartu dute jardunaldian: Valladolideko Unibertsitateko Filosofia Moral eta Politikoko katedradun Alicia H. Puleo; Red Ecofeministako ordezkari Dina Garzón; Red2Red generoko aholkularitza-enpresako ordezkari Cintia Bartolomé; Madrilgo Amigos de la Tierra taldeko koordinatzaile Laura Laguna; eta matxinada- edo desagertze-aktibista Candela Silgado.