AldizkariaEmakunde

Bilbon gertatutako emakume baten hilketa matxista gaitzetsi dute erakundeek eta herritarrek

egilea: Emakunde, 

Gaur eguerdian elkarretaratzea egin dute atzo Bilbon gertatutako emakume baten hilketa matxista gaitzesteko. Udalak egindako deialdian erakundeen ordezkaritza eta herritarren parte-hartzea izan dira nagusi. Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek irmo gaitzetsi du hilketa, eta "inguruarekiko gure hurbiltasun osoa eta Rebecaren hilketagatik dugun samina" helarazi du. Sailburuak berretsi duenez, "emakume guztiei eta haien inguruneei babes-sisteman sartzeko aukera eskaini nahi diegu 900 840 111 telefonora deituz edo, larrialdietan, 112 telefonora deituz", eta adierazi duenez, "erakundeen baliabideak hobetzen jarraitu behar dugu tragedia horiek saihesteko". Era berean, mezu bat helarazi dio gizarteari: "Denon artean lan egin behar dugu hilketa gehiago saihesteko", eta berretsi du "berdintasunean aurrera egitea indarkeria matxistarekin amaitzeko tresnarik onena" dela.

Bestalde, Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak, biktimaren familiari eta ingurukoei bere elkartasuna eta babesa eskaintzeaz gain, "hilketa matxista honen aurrean gaitzespen irmoa" agertu du, "desberdintasunaren adierazpenik latzena baita". Elgarrestaren hitzetan, "bereziki horrelako egunetan ez dugu ahaztu behar zein den indarkeria matxistaren sustraia, ez dugu ahaztu behar icebergaren punta dela, eta horren azpian matxismoa, berdintasun eza, botere-harremanak eta emakumeei eta gizonei gizarte honetan ezartzen zaizkien rolak eta estereotipoak ezkutatzen direla". Gaineratu duenez, Emakundek prebentzioan eta sentsibilizazioan eta biktima diren emakumeen arreta hobetzeko lanean jarraituko du, eta gaur atzo baino tresna gehiago daude horretarako, berdintasunerako lege berriarekin eta arreta hobetzeko erakundeen arteko III. Akordioarekin, urtarrilean sinatuko baita.