Virginia Imaz: Umoreak tragediatik haratago ikusten laguntzen digu

Virginia Imaz: Umoreak tragediatik haratago ikusten laguntzen digu
egilea: admin,
Testua: Carmen Ruiz de Garibay
Argazkiak: Karlos Corbella
Bere burua barregarritzat baino komikoagotzat du, eta azken hiru hamarkadetan bere buruaz barre egiten atera da aurrera. Emakume donostiarra da, intuitiboa eta argia, eta bere sudur gorriaren atzean errugabe eta "erakargarri" sentitzen du bere burua. Pailazo bat baino gehiago da: emakume solidarioa, irakaslea, idazlea, kontalaria, gidoi-idazlea, zuzendaria eta antzerki-konpainia baten sortzailea. Elkarrizketa honetan umoreak pertsonengan duen paper terapeutikoa aztertzen du, bereziki momentu zailetan.
Irakasle gisa aritu zen herrietako eskoletan eta helduentzako ikasgeletan, eta umorera iritsi zen "antzerki tragiko existentzialetik" pasata. Maskara-antzerkiari buruzko kurtso batek clown munduan murgildu zuen, eta hortxe hasi zen eszenatoki gaineko bizitza. Egia auzo donostiarreko langile-familia bateko hiru anai-arrebetan zaharrena zen, eta gogor lan egitea tokatu zitzaion bere amak etxe barruan eta etxetik kanpo lan egiten zuelako. "Horrek antolatzeko gaitasuna eta erantzukizuna eman zizkidan, eta lider baten trebakuntza izaten lagundu zidan". Ikuskizunetako zuzendari gisa bere burua onartzea kostatu zitzaion, eta 1979. sortutako Oihulari Klown konpainia propioarekin lidergo estilo ezberdin bat praktikatzen hasi zen. "Txikitan izan nuen entrenamendu bera izan zen zehazki, heldutasun bertsio batean eta beste gauza batetara enfokatuta". Bi urtez Cirque du Soleil-en lan egin zuen Orlandon (Floridan).
Hasieratik lan honetan espezialitate ezberdinak izan ditu. Helduentzako clown antzerkia egin du, haurrentzako espektakuluren batekin, eta ipuin-kontalari gisa ere aritu da, helburu didaktikoarekin, baloreak transmititzen laguntzeko, berdintasun-aukerak lantzeko edo ingurunearekiko kontzientziazioa sortzeko. "Ipuinetan artearen ikuspuntua errebindikatzen dugu eta era guztietako istorioak kontatzen ditugu, umorearekin eta umorerik gabe. Kontaketa batean saiatzen naiz jendeak emozionalki bidaia bat egin dezan, eta emozio, goxotasun, barre, tristura eta beldur momentuak eskaintzen dizkiet. Horrez gain bakoitzarentzako prestatutako espektakuluak daude edo "clownsclusiones" delakoak, berak marka gisa erregistratutakoak, kongresuentzat, mintegientzat, enpresa-bilerentzat, eta tailerrak, umorearen bidez emozioak berriz hezten laguntzen dutenak.
Gaur egungo egoera bezalakoetan, krisi globala dagoenean, umoreak izan al dezake paper terapeutiko bat?
Bereziki krisi garaietan umore gehiagorekin hartu behar da dena. Umorea babesteko era bat da, bizitzeko moduan defentsa bat. Tragedia desfokuratzen laguntzen digu, arnasa hartzen eta haratago ikusten. Gure xedeen, itxaropenen eta gertatzen denaren arteko distantzia erakusten digu. Beldurraren tentsioak askatzen laguntzen digu. Gaur egun oso egoera dramatikoak bizitzen ari gara, eta horiek beldurra eragiten badute ere, egia da, gure pentsamenduak sortzaileak direla, bizitzari buruzko itxaropena dugula. Gure buruaz barre egitea lortzen badugu, umorearen bitartez egokitzen bagara, errazagoa da energia izatea beste errealitate bat irudikatzeko. Umoreak badu alde bat guztiz fisiologikoa dena, endorfinak sortzen dituena eta bizitzarekin konektatzen duena. Beti izan ditu onura fisiologikoak. Batzuetan, liskar baten erdian gaudenean edo estualdi batean gaudenean bat batean barrez hasten gara eroen moduan. Gorputzaren erantzun argia da, estresa edo desgaste emozional edo fisikoa gainditzeko, oraingo momentuarekin birkonektatzen laguntzeko. Niretzako umoreak itxaropenari atea irekitzen dio.
Baina nola egin daiteke umorea, geure inguruan dena kolokan dagoenean?
Etxea galtzen ari den jendearen azalean jartzen naiz, hipoteka ordaindu ezin dutenen azalean, eta horrek hunkitu egiten nau, tragedia bat da. Etikagatik ez dut besteen ezbeharrengatik barre egingo. Hau egiten dudanetik, umorearekin planteatzen ari naizena nire buruaz barre egitea da, niri gertatzen ari zaidanaz, nire beldurrez, nire konplexuez, nire zalantzez, nire ametsez eta desirez. Uste dut edozein gaiez barre egiteko eskubidea duen pertsona bakarra hori jasaten ari dena dela. Besteengatik barre egitea, umore arina izatea da, eta hori ez zait sekula interesatu, eta orain gutxiago, hori da nire limitea. Oraindik jende askok barre egiten du norbaitek irrist egin eta erortzen denean. Erortzen denak barre egiten badu, orduan nik ere berarekin barre egiten dut. Clown bat naizen heinean, ni erortzen naizen bakoitzean barre egiten saiatzen naiz, jendeari gonbidapen bat luzatzen diot gertatzen zaidanaz nirekin barre egin dezan. Horrela eraikitzen dut umorea, eta jendeak nirekin batera barre egitea baino ez du, nitaz barre egitea ezinezkoa da.
Posible al da amorrutik ez den beste modu batetik bizitzari aurre egitea?
Uste dut momentuaz gozatzen jakin behar dugula, eta ditugun pribilegioak eskertu behar ditugula:bonba bat buru gainera eroriko zaigunaren beldurrik ez dugu eta ez gaude gatazka armatuetan. Hori guztia ahaztu egin dugu, eta momentu bakoitza opari bat dela ahazten dugunean, guztia egindakotzat ematen dugu. Nire ustetan bizitzeak dakar ezer ziurtzat ez hartzea. Normalean autobusa 9etan iristen bada, eta egun batean hamar minutu beranduago iristen bada, haserretu egiten naiz, eta bizitzako aukera bat da erabakitzea berandu iristen denean haserretu ordez, puntual iristen den bakoitzean pozik jarriko naizela. Daukaguna gehiago baloratu behar dugula uste dut eta gauza bakoitza opari baten gisa eskertu behar dugula. Eta umorea aipatutako eskertze-motari eta ustekabeei oso lotuta dago. Ia-ia barre eginarazten digun guztia ustekabe batekin lotuta dago, bat-bateko zerbaitekin. Nik uste dut zerbait gertatuko dela, baina ustekabean gauzak beste era batetara gertatzen dira. Ustekabeek batzuetan beldurra eragiten didate eta, besteetan barregura ematen didate, sustoak alde egiten duenean.
Geure buruaz jabetzeko gaitasuna ez al dugu galdu?
Bai, geure kulturan gaizki ikusia dago, ezjakinen jarrera dela esaten da, baina azken finean ustekabeek lotzen gaituzte barreari eta esker onari. Shockaren kultura bizi dugu, krisia, hegazti-gripea, munduaren bukaera...ustekabe batetik bestera salto egiten dugu, eta ez dugu arnasa hartzeko denborarik. Hala ere, gai gara geure buruak harritzeko, goizean esnatzeko eta dugun guztia eskertzeko -osorik nago, ibili naiteke eta ikus dezaket-, guzti horrek beste abiapuntu batean kokatzen gaitu. Ongi egoteko sekretu bat baldin badago hori da.
Niri asko laguntzen dit espiritualki sostengua dudala sentitzeak, plan bat dagoela. Iparramerikako indioen antzera pentsatzen dut, elkartzen gaituen espiritu handi bat dagoela,eta nahiz eta nik beti plana ez ulertu, dena ongi dagoela eta dena hobetuko dela. Eta baikortasunak txertorik ez duenez, nik erabaki dut baikorra izatea eta maila horretan tuntuna izatea, eta egunerokotasunean lantzen dut. Sustoren bat dudanean, optimista izaten saiatzen naiz nire indar guztiekin.
Umorean, generorik al dago?
Noski baietz. Umoreak norabide generikoa du, talde - irudikariko kultur ekoizpen guztiak bezala. Gaur egun, eta emakumezkoak eta gizonezkoak unibertso eta balore ezberdinetan hezi garen neurrian, fisiologia ezberdinak ditugu. Dugun gorputzetik barre egiten dugunez, gorputzarekin zerikusia duen umorea dugu, nola garenen arabera, txikiak edo handiak, titiak edota zakila baldin badugu, umore ezberdina izango dugu. Baina generoa, adina, etnia edota gizarte- mailaren arabera, umorea ere ezberdina izango da. Orokorrean eta ni ikusten dudan bezala behintzat, emakumeok egiten dugun umorea desberdina da gizonezkoek egiten dutenari, baina agian, euskaldun gizon batek eta nik, umore eredu berdintsuagoak izango ditugu Madagaskar-eko emakume batek eta nik baino. Kultur ezberdintasunak oso handiak dira. Hala ere, gaur egun emakumezkoa edota gizonezkoa izateak oso kultura ezberdina suposatzen du, eta ondo dago onartzea ere.
Zergatik kostatzen zaie hainbeste emakumeei eszenatoki batera igotzea bere umorea erakusteko?
Emakumeoi erantzukizunaren balioarekin hezi gaituzte, zainketan trebeak izan gaitezen, eta oztopo hori dugu umorean sartzeko. Bizitzarako ez, rol bikaina dela uste dut nik, gizateria osora esportatu beharko litzateke. Emakumeok hiper-garatu gara jarduera horretan eta ardura seriotasunera lotua dagoenez, serioak ez egotea asko kostatzen zaigu. Orain arte, behintzat, erantzukizunak badu tentsio puntu bat, baita zurruntasun puntu bat, eta plazer, joko eta barrerako moztea. Gaur egun, norbait gomendatu nahi denean, oso neska arduratsua eta serioa dela esaten da. Nik emakume eta gizateria eredu berri bat aldarrikatzen dut, arduratsua izan dadin baina era berean, bere eginkizunak plazerraz bere gain hartu ditzan, ez patua edota nekaldia bezala. Badago beste gauza bat ere emakumeoi umorean sartzeko oztopatu gaituena, edertasunak, erakargarritasun objektu bihurtzeak, eta honek asko estresatu eta zurrundu egiten gaitu. Ez gara asko mugitzen orrazkera ez desegiteko, makillajea ez hondatzeko edota mediak ez puskatzeko.adi gaude. Umorea gorputz barregarriaren aurkezpena da, askea, eta gorputza estetikoki elkarrengandik urruntzen da.
Eta hor hasten al da barregarri geratzeko beldurra?
Barregarri geratzeko beldurra emakumezkoetan gizonezkoetan baino eragin handiagoa duen presioa da, zer esango duten eta ematen den itxuraren beldur. Ez dugu bizitza sutsuki bizitzen gizartearen iritziagatik, hau benetako enigma da. Baina emakume ederrak izan ez garenok aukera gehiago ditugu umorean sartzeko. Komiko eta pailazoak, bai emakumezkoak eta bai gizonezkoak, nik "gehiegi" deitu izan ditut. Sistematik ateratzen zirenak - argalegia edota lodiegia, burusoila edota txikia- aukera asko genituen funtzioko paper komikoa lortzeko. Beste aukera ona emakumeontzat, zahartzen garenean izaten da. Liraintasuna gazteriara lotua dagoenez, urteak betetzen goazen neurrian, emakume guztiok aukera bat izaten dugu. Orain gainera, gehiago bizi garenez denbora askorako zahartzen gara, horrek norberaren komikotasuna miatzeko denbora ematen digula ezarritako kanonarekin zerikusirik ez duen edertasuna onartzeko, orduan aurkitu dezakegula gure umore sena . Ni alde batetik bestera pasatzen ari naiz, jadanik ez nago hain lodia eta 50 urte ditut ia, eta umorea izan da liluratzeko eta desiratua sentitu izateko estrategia, guztiz gomendatzen dudana.
Emakume askok gizonezko batean gehien baloratzen dutena beraiek barre arazteko gaitasuna dela diote
Niri, oraintxe bertan, barre arazi egiten nauen jendeak seduktoreenak direla iruditzen zait. Barre egiten dugunean, endorfinak eta amodioaren koktelarekin zerikusia duten beste sustantziak jariatzen ditugu, burmuinak jariatzen dituenak maitemintzen zarenean. Orduan, bestearen hoberena ikusten duzu eta barre egiten duzunean, munduaren alde maitagarria ikusten duzu, alde zoragarriena. Ondorioz, jendearen edertasunak beraiekin eraikitzen dugun loturan datza, guretzako ze nolako garrantzia duten eta maite ditugunarekin zerikusia du, eta noski, barre arazi egiten digutenarekin. Edertasun estrategia hau ez digute irakasten ez dituelako ez kremarik ez ebakuntza estetikorik saltzen, baina benetan jendea lotzen duena da. Barrea pertsonen arteko tarterik txikiena dela esaten dute, bai sexu - grina mailan, bai edozein maitasun lotura mailan, eta nik sinisten dut: ama eta bere umeen artean, lankideen artean.Ni edozeinekin barre egin dezaket eta segituan beste era batera ematen ez diren konfiantza eta halako sentimendua edota feelinga sortzen da.
Clown-a eta sudur gorriak urratzaileagoa izateko aukera ematen al dizu?
Sudur gorria jartzen dudanean badakit zein izango den ikuskizuna ikustera etorri den jendearengan eragingo dudan efektua: interferentzia bat da, eguneko diskurtsoan ezustekoa, adeigabetasuna, desobedientzia. Pozik nago efektu horrekin baina interesgarriagoa iruditzen zait sudurrak niretzako lortzen duena. Baimen asko ematen dizkit errugabe sentitzeko, denbora guztian neure buruari errua botatzen ez ibiltzeko. Desira edo sedukzio objektu bat baino, desiragarriaren lekuan kokatzen nau. Askatasun eremu pribilegiatua da, ni uste naizenez barre egin dezakedan eremua, askatasun maila altuagoetara iritsi naitekeen eremua. Emakume ezberdina izateko bidea irakatsi dit, ez giza eraikuntzaren arabera izan behar nintzen emakumea, beste era batera izateko baimena eman dit. Eta jokoan horrela izan banaiteke, bizitzan ere mila modutara izan naiteke. Honek estereotipoak astintzea suposatzen du, morrontzak, bai emakumezkoentzat bai gizonezkoentzat. Antolakuntza hau ikasten dugu eta ez gaude beti egon behar garen lekuan. Nik ematen ditugun ikastaroetara datorren jendearekin txantxetan ibiltzen naiz, han badaude, sistemak beraiekin hezte akatsak izan dituelako esaten diet. Eman diguten lekua errez aurkitzen ez dugun emakume eta gizonak gara, asko kostatzen zaiguna gidoia ikastea, aldagai ezberdinen arabera - sexu edo generoarena, adibidez- tokatu zaiguna jarraitzea.