AldizkariaEmakunde

Teknologia elektronikoko irakasle María Ángeles Martín Pratsek irabazi du Emakume Teknologoarentzako Ada Byron saria

Teknologia elektronikoko irakasle María Ángeles Martín Pratsek irabazi du Emakume Teknologoarentzako Ada Byron saria

Teknologia elektronikoko irakasle María Ángeles Martín Pratsek irabazi du Emakume Teknologoarentzako Ada Byron saria

egilea: Emakunde, 

Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateak antolatzen duen Emakume Teknologoarentzako Ada Byron sariaren bosgarren edizioko antolaketa batzordeak eta epaimahaiak, María Ángeles Martín Prats Sevillako Unibertsitateko Ingeniaritza Elektronikoko irakasle titularrari eman diote 2018ko saria. Sevillako Unibertsitateko Tecnología Electrónica TIC-109 ikertaldeko kidea da 1996tik eta aeronautikako ikertaldea zuzentzen du 2003tik.

Emakume Teknologoarentzako Ada Byron saria estatu mailakoa da. Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateak eratu zuen ikerketa eta garapen teknologikoaren esparruko emakumeen bokazioak sustatzeko, bizitzako esparru guztietan eta gizarte garapenean teknologiari ospea emateko, eta zeregin eta ikasketa horietan emakumeek gizateria osoari egiten dioten ekarpen eta lorpenei balioa emateko.

Saria 3.000 eurokoa da eta Bizkaiko Foru Aldundiaren, IK4ren, eta Emakunderen babesa du, baita Innobasque-rena eta Basque BioCluster-ena ere.

María Ángeles Martín Pratsen curriculumak ibilbide erabakigarria du aeronautika sektorean. Hainbat lan egin ditu potentzia elektronika, abionika eta aplikazio aeronautikoko sistema elektronikoetan oinarrituak, bereziki. Hain du eragin handia sektorean, bost urtetan lortu zuen Sevillan Aire Nabigazioa egiten duten emakumeen kopurua % 15etik % 60ra pasatu zen. Horregatik, Ingeniaritzako Dekanoen Kontseilu Globalak aukeratu zuen, munduan ehunka emakumeren artean, ikasketa horietara ikasleak erakartzeko egin zuen ahaleginagatik. Horrekin batera, 70 industria proiektu eta ikerketatan baino gehiagotan hartu du parte. Une honetara arte, 42 proiektu aeronautikoren arduraduna da, eta industriara teknologia transferitu du.

Gainera, PEGASUS europar bikaintasun aeroespazial sarea koordinatzen du, Sevillako Unibertsitateko Ingeniaritzako Goi Eskola Teknikoan 2008tik, eta PEGASUSen Board-eko kidea da 2011ko apiriletik gaur egunera arte. PEGASUS Sareko presidenteorde kargua izan zuen 2013ko apiriletik 2015eko apirilera.

2011n, Skylife Engineering spin-off-a sortu zuen Sevillan, sektore aeroespazialean eta aeronautikoan Sevillako Unibertsitateko lantaldearekin egiten ari zenaren ezagutza eta puntako teknologia zabaltzeko. Horixe izan zen Unibertsitate hartako Teknologia Elektronikoko taldearen ernamuina. Emakume horren ibilbidea interesgunea da aeronautika sektorean. 2011tik IEEEren Senior aitormena du, potentzia elektronikoko, abionikako eta aeronautikan aplikatzen diren sistema elektronikoetan oinarritutako lanengatik.

Hori gutxi balitz, IEEE Aerospace and Electronics Systems (2009ko ekainetik 2012ko ekainera) espainiar kapitulu teknikoko presidentea izan da, baita IEEE WIE-Women in Engineering espainiar kapitulukoa ere (2006ko urtarriletik 2011ko uztailera).

María Ángeles Martín Prats Sevillako Unibertsitateko Ingeniritzako Goi Eskola Teknikoko Kanpo Harremanetako zuzendariordea da 2015eko otsailetik. GEDC Airbus Diversity Award 2013 nazioarteko sariaren mundu mailako finalista izan zen.

Europa mailan, European Defense Agency-ko Unibertsitateen Europar koordinatzailea da 2017tik. Clean Sky Academy Working Group-eko Europako Batzordearen Joint Undertaking-eko kidea da 2017ko urritik eta Scientific Committee-koa ere bai, 2018tik Europako Batzordearen Joint Undertaking-eko aholku batzordekoa.

Felipe VI.ak 2015eko ekainaren 19an emandako merezimendu zibilaren domina du, eta 2014 eta 2015 bitartean, Espainian eraginik handieneko 100 emakumeen arteko Akademiko eta Ikertzaileen arteko (Mujeres & CIA) eraginik handieneko 10en artean aukeratu zuten.