Euskadiko udalek konpromiso politikoa berretsi dute berdintasunerako lehen ordenantzekin
Euskadiko udalek konpromiso politikoa berretsi dute berdintasunerako lehen ordenantzekin
egilea: Emakunde,
Gaur Bilbon "Berdintasunerako ordenantzak. Esperientziak eta erronkak" jardunaldia, Emakunden Berdintasunerako Gunearen barruan. Jardunaldiaren hasiera Emakundeko zuzendariak, Izaskun Jardunaldiaren hasiera-ekitaldian, Izaskun Landaida, Emakundeko zuzendaria eta Ibon Uribe, Galdakaoko alkate eta EUDELeko Berdintasun Saileko ordezkaria izan dira.
Jardunaldian udal berdintasun ordenantzei buruzko proiektubaten konklusioak eman dira jakitera.Proiektu pilotu bati esker, hainbat udal ertain eta txiki lehenak izan dira, emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasunerako ordenantza bat abian jartzeko konpromiso politikoa hartzen. Prozesuak bi urte baino zertxobait gehiago iraun du, eta bertan aritu izan dira modu koordinatuan lanean berdintasun sailetako, idazkaritzetako eta udal zerbitzu juridikoetako langileak.
2008an, Tolosak onartu zuen lehenengoz Berdintasunerako ordenantza bat. 2012an, Eudelek eta Emakundek ordenantza hori sortzeko lehenengo gidaliburua editatu zuten, eta, bertan, ordenantzaren eredu bat eskaintzen zen. Ordutik aurrera, bi erakundeek koordinatuta, udaletako talde eragile bat modu aktiboan inplikatu da, udaletarako berdintasunerako ordenantza bat sortzeko prozesuan. Marko arautzaile egonkorra finkatzea dakar Berdintasunerako ordenantza onartzeak; emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasunari goi mailako estatusa ematen dio, bai praktikan bai esparru sinbolikoan, eta berdintasunerako tokiko politikaren oinarriak finkatzen ditu.
Berdintasunerako Ordenantza tresna arautzailea da, Emakumezkoen eta Gizonezkoen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, orain dela hamar urte sortutakoak, ezarritako printzipioak udal esparrura ekartzeko. Arauaren helburu nagusia da herritarrak eta udaletako langileak eurak kontzientziatzea; aldi berean, emakumezkoenganako diskriminazioa txikitzea eta emakumezko eta gizonezkoen arteko berdintasun printzipioa sustatzea du xede.
Eudelek eta Emakundek espero dute ekimen hau "erreferente berria" izatea, Euskadiko udal guztiek aurrerapausoak ematen jarrai dezaten berdintasunaren esparruan.
Zentzu horretan, Eudeleko ordezkari Ibon Uribek azaldu duenez, legegintzaldi honetan "udalei, batez ere txikienei, laguntzeko lanean aurrera egiten jarraitzea" da asmoa. Horretarako, Berdinsarearen bitartez, lan-ildo berriak jarriko dira abian, bi esparrutan: abian dauden baliabide eta programen erabilera hedatzea, eta, modu paraleloan, tresna berritzaileak garatzea, berdintasunerako tokiko politiketan ikuspegi berriak eman ditzaten, eta tokiko bizitzan eragin handiagoa izan dezaten.
Berdintasunerako Ordenantza bultzatzen ari diren udalerriak:
- Tolosa, udal aitzindaria 2008an.
- 16 udal, udal ordenantzarekin eta/edo ordenantza mankomunatuarekin 2015ean.
- 7 udal ordenantza: Abadiño, Barrika, Kanpezu, Gorliz, Lemoiz, Plentzia eta Urduliz.
- Ordenantza mankomunatua: Arratiako Mankomunitatea (9 udalek osatuta: Arantzazu, Areatza, Artea, Bedia, Dima, Igorre, Lemoa, Ubide, Zeanuri).
- Prozesuan (5 udal eta Mankomunitate 1): Berango, Ermua, Ondarroa, Sestao, Sopela, eta Uribe Kostako Mankomunitatea (6 udal: Barrika, Lemoiz, Plentzia, Urduliz, Gorliz eta Sopela).
Praktika onen adibideak
Jardunaldian esperientzien panela erabili da, ordenantzen hiru adibide aurkezteko. Kanpezuko Udalak (Araba), Abadiñoko Udalak eta Uribe Kostako Mankomunitateak (Bizkaiko sei udalerrik osatuta) onartu berri diren arauen puntuetako batzuk azaldu dituzte. Ordenantzek honako alderdiak jasotzen dituzte, adibide modura:
- Berdintasun Saila sendotzea. Berdintasunerako politika espezifikoak garatzeko giza baliabide eta baliabide material eta ekonomiko nahikoak eskaintzea.
- Berdintasunerako irizpideak gehitzea, kontratazio publikoetan eta diru-laguntza banaketan. Udal diru-laguntzak eskatzen dituzten elkarte, kolektibo eta erakunde guztiek berdintasunarekiko konpromisoa izatea, baita udalak kontratatzen dituen enpresek ere.
- Barruko zein kanpoko informazioa eta jakinarazpenak genero ikuspegia kontuan hartuta ekoitzi eta kudeatzea.
- Teknikariek eta politikariek berdintasunerako prestakuntza-planetan parte hartzea, eta hezkuntza-zentroetan sentsibilizazio planak sustatzea, generoko rolak eta estereotipoak saihesteko.
- Bide publikoan segurtasun-sentsazioa areagotzeko, "gune ez-seguruak" desagerraraztea eta horretarako ekintzak sustatzea.
- Inguru publikoak, adibidez, festak eraso sexistarik gabeko gune bihurtzea, baita emakumezko zein gizonezkoek gozatzeko eta aisialdian egoteko gune bihurtzea ere.
- Udal ordenantza ezarri eta betearazten dela egiaztatzeko eta ebaluatzeko egiturak sortzea.